lunes, 6 de mayo de 2013

Naturaren suntsiketa



Zer egin digu guri naturak? Zergatik tratatzen dugu gisa honetara? Natura suntsitzea gustuko dugula dirudi. Badakigu txarto jokatzen ari garela, baina nahiz eta konturatu, ez diogu jaramonik egin nahi gure inguruan gertatzen denari. Alde batera uzten dugu natura zaintzea, errazagoa iruditzen baitzaigu doan moduan uztea eta.

Oso urte gutxitan baso ederrak, belardi eta itsaso eta erreka garbiak izatetik, kutsaduraz betetako mundu batera egin dugu aldaketa. Atzean utzi ditugu lehen genituen paisai eder, liluragarri eta lirainak, izugarrizko hiri erraldoi, gris eta tristeak eraikitzeko. Horretarako, gupida gabe bota dira zuhaitzak, behar bada guk bizirauteko elementu garrantzitsuenetarikoak; basoak, hainbat animaliaren etxeak. Hau guztia, izakia errezago bizitzeko egin da, gainera. Arduratu gabe, hobeto bizitzeko natura suntsitzera heldu gara.

Hasiera batean, asmatzaile eta zientzialariek, hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin zituzten gure bizitza erreztasunez aurrera eramateko, baina ez inola oraingoak bezain kaltegarriak. Asmatutako teknika zein tresnak bateragarriak ziren naturarekin eta ez ziren inolaz arriskutsuak. Gaur egungo gizartean badauzkagu pila bat aparailu behar-beharrezkoak ez direnak eta ez litzaiguke ezer gertatuko ez bagenitu, ez genituzke faltan botako.

Ikus dezakegunez, orain, begi bistakoak dira naturan gure asmakizunekin egindako kalteak. Produktu kimikoak ibaietara eta airera jariatzen dituzten fabrikak, basoak suntsitzen dituzten egiturak, eguneroko trafikoa, eta abar luze bat. Gainera, kaltetuak irteten gara honetatik, kutsaduragatik gaixotasunak pairatzen dira, zailagoa da lehen gaiak lortzea, bizitzeko beharrezkoak ditugun gaiak lortzea zailagoa da... Baina, ez gara gu kaltetuak irteten garen bakarrak, inguruko izaki bizidun guztiak arriskuan jartzen ditugu horrela. Horren ondorioz hainbat espezie galzorian daude.

Hau guztia konpontzen saiatzeko, badaude hainbat eta hainbat elkarte, baina ezinezkoa da beraien proiektuak aurrera eramatea, diru falta baitaukate eta jendeak nahiago duelako ondo eta erreztasunez bizi, apur bat laguntzea baino. Honek ez luke horrela jarraitu beharko eta aldaketaren bat egin beharko litzateke.

Beraz, argi dago prest gaudela natura suntsitzeko, guretzako hobekuntzak lortzeko. Dauzkagun baliabide guztiak xahutzen ari gara etorkizunean apur bat pentsatzen jarri gabe. Eta azkenengo tanta bukatu arte ez gara konturatuko zerbait egin beharra dagoela egindakoa konpontzeko. Azken finean, gizakiak gara eta harri berarekin topo egiten dugu behin eta berriro.

No hay comentarios:

Publicar un comentario