lunes, 6 de mayo de 2013

Gazteria eta drogak

Gizarteak aurrera egin duen heinean, hobekuntzak izan dira zentzu askotan. Teknologia berriak, medikuntzako aurkikuntza berriak... Kutur arloan ere aurreratuagoak gaude. Asko aldatu da ere duela mende erdi zegoen harremanetarako modua oraingoarekin konparatuta. Batez ere heldu eta gazteen artean. Lehen bazeuden tabu ziren hainbat eta hainbat gai. Gurasoekin ez zen horietaz hitz egiten, beraz ez zegoen horri buruzko informazio askorik beraientzat, eta beharrezko adina izan arte ez zuten jakiten gai horiei buruz. Esan beharra dago, erlijioaren eragina ere asko gutxitu dela, eta horrek zerikusi handia dauka honekin guztiarekin. Erlijioak arau eta balio batzuk ditu ezarrita, eta lehen eragin handia zuenez kasu egiten zitzaien, bete egiten zen elizak zioena.

Orain dena da ezberdina, gazteak txikitatik dakigu sexua, alkohola, drogak eta abar luze bati buruz. Gainera eskura ditugun gauzak dira, eta lehen txarto ikusia zegoena, egun ez hainbeste. Gaur, antisorgailuak esistitzen direnetik, sexu harremanak izatea askozaz errazagoa da. Alkohola ere oso eskuragarri dago eta denda jakin batzuetan, adinekoak ez direnei ere saltzen zaie. Gazteek mozkortuak edo "happy" egotearen sentsazioa izugarri gustuko dute eta beraz, aukera aprobetxatu baino ez dute. Eta behingoz gaian zentratuz, drogak ditugu. Drogen kasuak, alkoholarekiko antzekotasuna du. Gazteengandik oso eskura daude, eta gainera, momentua bizitzea gustuko dutenez, oso egokiak dira. Esan bezala, gazteek gustuko dute zirrarak bizitzea, momentu alai eta ahaztezinak igarotzea. Drogak lagun ona da horretarako. Gainera ez da legala drogak hartzea, eta horrek jokoa dibertigarriagoa bilakatzen du. Baina ez dira, sekula, drogen eragin txarretan pentsatzen jartzen. Egin nahi duten bakarra, dibertitzea da, eta horretarako aukera arriskutsuenetarikoa hautatzen dute.

Drogak baten edo bitan hartzeko ez daude gaizki, ez da ezer gertatzen, baina probatzea baino ez da. Beste gauza oso ezberdina, egunero hartzera behartu egotea da, gure errutinaren parte izatea. Asko eta asko dira txarto bukatu duten gazteak, eta dena jolastxo batekin hasita. Gutxika hasten dira jaietan bakarrik hartzen, gero asko gustatu zaienez, egunero hartzera pasatzen dira. Konturatu direnerako, jada ezin diote drogak hartzeari utzi, droga-menpekoak bihurtu dira. Azkar uzten ez bada, bizitza zapuzten du, eta ez dago atzera bueltarik.

Ikus dezakegunez, munduan aurrera pausu handiak eman dira hainbat arlotan, baina arazoak ere jarri ditu horrek.

Gutuna

Amorebietan, 2013ko martxoaren 8an






Zuzendari jauna:

Gutun honen bidez jakinarazi nahi dizut gure musika taldeak tresneria gordetzerakoan dugun arazoa.

Gure taldeak astero entsaiatzen du Zelaieta Zentroko entseiu geletan inolako pega barik, baina arazoak bukatutakoan sortzen dira. Tresneria egunero eraman behar izaten dugu etxera, eta ez da bat ere erosoa. Gitarra eta anplifikagailuek asko pisatzen dute eta baten baino gehiagotan lesioak izatera heldu gara horrelako pisu handiekin kargatzeagatik. Lesio horiek taldea geldirik utzi dute maiz eta batzuetan denbora askoan. Laster lehiaketa batean jo beharra daukagu eta faena izango litzateke horrelako txikikeria batengatik aukera izugarri hori galtzea.

Arazo hori konpontzeko asko gustatuko litzaiguke, bertan garbitzaileentzat dagoen gelatxoa eskura izatea. Entseiatzeko baimena izan dugunetik hutsik egon da eta ez du inongo erabilerarik izan. Guri primeran etorriko litzaiguke, izan ere, oso leku egokian dago kokatua, entseiu geletatik hurbil, arin batean gorde ditzakegu instrumentuak inongo denborarik galdu gabe eta ez dago jende askoren bistan, lapurretak ekiditeko.

Eskaera kontuan hartuko duzulakoan, zure erantzunaren zain geratzen naiz, beste barik agurtzen zaitut.

Marta

Naturaren suntsiketa



Zer egin digu guri naturak? Zergatik tratatzen dugu gisa honetara? Natura suntsitzea gustuko dugula dirudi. Badakigu txarto jokatzen ari garela, baina nahiz eta konturatu, ez diogu jaramonik egin nahi gure inguruan gertatzen denari. Alde batera uzten dugu natura zaintzea, errazagoa iruditzen baitzaigu doan moduan uztea eta.

Oso urte gutxitan baso ederrak, belardi eta itsaso eta erreka garbiak izatetik, kutsaduraz betetako mundu batera egin dugu aldaketa. Atzean utzi ditugu lehen genituen paisai eder, liluragarri eta lirainak, izugarrizko hiri erraldoi, gris eta tristeak eraikitzeko. Horretarako, gupida gabe bota dira zuhaitzak, behar bada guk bizirauteko elementu garrantzitsuenetarikoak; basoak, hainbat animaliaren etxeak. Hau guztia, izakia errezago bizitzeko egin da, gainera. Arduratu gabe, hobeto bizitzeko natura suntsitzera heldu gara.

Hasiera batean, asmatzaile eta zientzialariek, hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin zituzten gure bizitza erreztasunez aurrera eramateko, baina ez inola oraingoak bezain kaltegarriak. Asmatutako teknika zein tresnak bateragarriak ziren naturarekin eta ez ziren inolaz arriskutsuak. Gaur egungo gizartean badauzkagu pila bat aparailu behar-beharrezkoak ez direnak eta ez litzaiguke ezer gertatuko ez bagenitu, ez genituzke faltan botako.

Ikus dezakegunez, orain, begi bistakoak dira naturan gure asmakizunekin egindako kalteak. Produktu kimikoak ibaietara eta airera jariatzen dituzten fabrikak, basoak suntsitzen dituzten egiturak, eguneroko trafikoa, eta abar luze bat. Gainera, kaltetuak irteten gara honetatik, kutsaduragatik gaixotasunak pairatzen dira, zailagoa da lehen gaiak lortzea, bizitzeko beharrezkoak ditugun gaiak lortzea zailagoa da... Baina, ez gara gu kaltetuak irteten garen bakarrak, inguruko izaki bizidun guztiak arriskuan jartzen ditugu horrela. Horren ondorioz hainbat espezie galzorian daude.

Hau guztia konpontzen saiatzeko, badaude hainbat eta hainbat elkarte, baina ezinezkoa da beraien proiektuak aurrera eramatea, diru falta baitaukate eta jendeak nahiago duelako ondo eta erreztasunez bizi, apur bat laguntzea baino. Honek ez luke horrela jarraitu beharko eta aldaketaren bat egin beharko litzateke.

Beraz, argi dago prest gaudela natura suntsitzeko, guretzako hobekuntzak lortzeko. Dauzkagun baliabide guztiak xahutzen ari gara etorkizunean apur bat pentsatzen jarri gabe. Eta azkenengo tanta bukatu arte ez gara konturatuko zerbait egin beharra dagoela egindakoa konpontzeko. Azken finean, gizakiak gara eta harri berarekin topo egiten dugu behin eta berriro.